CASTELLS, M. (1997): La era de la información: Economía, sociedad y cultura. 3 liburu. Madrid: Alianza Editorial.

Gaur egun Manuel Castells, soziologo katalandarra, nazioarteko pentsalari aipagarri eta eraginkorrenetarikoa da, eta bere lanek gizarteko zenbait arloetan eragiten dute. Horregatik, gure gizartean informazioaren teknologiak duen eraginari buruzko gogoetak gizarte zientzietan interesa duen edonorentzat baliagarritzat hartzen ditugu. Era berean, hezkuntza esparruan gabiltzanontzat interesgarriak dira, informazio eta komunikaziorako teknologiek egungo eta geroko gizartearen eremu guztiak "ukitzen" baitituzte.

Bere idazlan nagusienaren berri fitxa honetara ekarri dugu: La era de la información delakoa. Hiru liburutan banatzen da. Lehenengoak, La sociedad red izenekoak, azken hamarkadetan garatu den iraultza teknologikora hurbiltzen gaitu. Iraultza hau kapitalista sistema berean bilakatu da, industria fasea gaindituz informazio-gizarte bihurtzeko, eta zabaldu den globalizazio prozesuari ateak irekiz.

Prozesu horri lotuta sortzen ari diren gizarte egiturak aztertzen ditu eta gizarteak gero eta gehiago saretan egituratzen dela ondorioztatzen du. Egitura mota honek -sareak-, historian berria ez bada ere, oraingoan bilakatzeko informazioaren teknologian oinarri materiala aurkitzen du. Prozesua islatzen da batez ere informazio ekonomian, non pertsonak, gizataldeak eta herriak informazioa eskuratzeko eta sarearekin konektatzeko duten gaitasunaren arabera eta baita euren trebetasun intelektualen arabera ere sailkatzen diren. Baina, gero eta maizago kulturan, politikan eta boterean izaten hasten da ere.

Ezagutza teknologikoetarako sarbidea edukitzea produktibotasunaren eta konpetentziaren oinarri bihurtu da. Lan prozesua banatu egiten da eta lan banaketa berriaren sustraiak sendotzen ari dira. Gizarte honek pertsonak, gizataldeak eta herri osoak kanporatuko ditu -kanporatzen hasi da-, beste batzuk, ekonomia eta informazio-gizarte batean lan egiten dutenak gizartearen erpinean kokatzen diren bitartean.

Aldaketa horiek giza esparru guztietan beste batzuk sortuko dituzte edo ,hobeto esanda, sortarazten hasi dira dagoeneko. Aldaketa horiek antzemango dira masetako komunikabideetan oinarritutako kulturatik, ohiko bizimodura eta gatazketara, espazio eta denbora-ikuskeran eraldatuz ere.

Bigarren liburua El poder de la identidad deitzen da. Liburu honetan zehar globalizazioa jasaten dutenen mugimenduak aztertzen ditu. Globalizazioaren eta identitatearen aurkakotasunak gure mundua eta gure bizitzak arautzen ditu; hala, teknologiaren iraultzarekin batera, kapitalismoarem birmoldaketarekin batera eta estatismoaren bukaerarekin batera mugimendu indartsuak ari dira garatzen kulturaren berezitasunak eta nork bere bizitza eta ingurunearen kontrola izatea aldarrikatzen dutenak, globalizazioari aurre eginez. Egilearen ustez munduan zehar garatzen ari diren kolektibo hauek (feministak, ekologistak, fundamentalista erlijiosoak, nazionalistak eta lokalistak) informazioaren aroaren subjektuak izan daitezke eta oso modu interesgarrian aztertzen ditu euren adierazpenak eta antolaketa erak.

Eta azkenean, hirugarrena Fin de milenio izendatu du Castellsek. Honetan XX. mendeko azken hamarkadan gertatu diren aldaketarako gizarte eta politika prozesu nagusiak aztertzen ditu, hain zuzen: Sobiet Batasunaren hondamena, kapitalismo berri eta baztertzaile baten garapena, krimen globalaren gorakada, Bare Ozeanoko asiar herrietako agerpena hazkunderako eta krisialdietarako eskualde eraginkor gisa, eta Europako Batasun prozesua, zeinetan estatu era berri baten sastapena ikusten baita, estatu sarea.

Hitz gutxitan amaitzeko, Castellsen gogoetak oso interesgarriak suertatzen dira, duen gaitasuna oso konplexuak diren horiek guztiak argitzeko eta horien artean dauden loturak azaleratzen baititu. Azken finean, irakasleok gizarte honetan bizi izateko eta bertan eragiteko pertsonak prestatzen laguntzen gaitu.



Copyright 2008. All Rights Reserved. Adarra




¿QUIËNES SOMOS?     

¿QUE HACEMOS?      

COLABORACIONES      

      ENLACES      
 
*Pedagogi Erakundea

     DOCUMENTOS    |     ACTIVIDADES PROGRAMADAS    |     ACTUALIDAD

ADARRA
    Mitxel Labegerie, 2-3º Dpto3
    48005 - Bilbao
    Tfno.-944153795  
   adarraerakundea@gmail.com


webmaster@adarra.org