TOURAINE, Alaine (1997): ¿Podemos vivir juntos? Iguales y diferentes. PPC :Madrid.

Touraine oso soziologo ospetsua da nazioarte mailan. Liburu honetan gaurko gizartea ezagutzen ari den globalizazio prozesuaren ikuspegitik analizatzen du nola egituratzen den gizarte bera eta, batez ere, gogoeta sakona planteatzen du nola bizi daitezkeen elkarrekin pertsona desberdinak. Analisi honetarako kontuan hartzen du, alde batetik, lehenengo gizarte kapitalistetan (XIX eta XX. mendeetan zehar garatu direnak) zeintzuk arazoak eta konponbideak gertatu ziren. Berak dio iraganean arrazionalismoak, gizarte burjesak sortu zituenak, eratu zuen gizarte-mota errepublikarraren oinarriak herri baten bizi ziren guztiak hiritarrak izatean zetzan. Beraz, hiritar moduan eskubideak zituzten, gizarte demokratikoa bermatzen zuena eta elkarbizitza arautzen zuena. Bizitza pribaturako geratzen ziren bakoitzak zituen ezaugarri pertsonalak zein taldekoak. Gizarte honen eredua zen jatorrizko kulturak adierazten zuena (Frantzian Frantziarena, alegia), eta kanpotik zetozenak kultura honetan integratu behar ziren. Nolabait Estatuaren helburua gizartea osoari hezurdura ematea zen.

Gizarte aurrekapitalistatik edo Europako kanpotik egon direnak ezaugarri horietan oinarritzen ziren. Modernitateak irrazionaltzat hartzen zituen, identitatearekin erlazionatzen zituen.

Egun, globalizazioaren eskutik masetako kulturaren desozializazioa gertatzen ari da. Gure kulturak ez du zuzentzen gizarte antolamendua, eta gizarte antolamendu honek jadanik ez du zuzentzen ekintza teknikoa ezta ekonomikoa ere ez. Gizarte modernoen aztarnetatik eta beraien erakundeetatik sortu dira, alde batetik, ekoizpen, kontsumo eta komunikaziorako sare globalak eta, bestetik, komunitatera itzultzea. Azken gertakizun hori dela medio, elkarketa identitarioak indartu egin dira. Torainen ustez, komunitateek beti kutsu autoritarioa badute, baina baztertuak daudenek edo geratzeko arriskua sentitzen dutenek komunitatea berreskuratu nahi dute.

Globalizazioak ekarri digun beste ezaugarria da orain informazio gehiago dugula. Hedabideek gure bizitzan leku handiagoa betetzen dute, baina elkarrekin bizi izan arren, aldenduak gaude eta denbora pasatzen den ahala inkomunikatuak. Gizarte harremanak ahultzen dira eta honen aurrean zenbait erantzun daude (hirurak ahulak ere, Tourainen ustetan), zera:

·      Ahulenak, iraganeko gizarte erduak berpiztu nahi duela.

·      Kontrakoak, postmodernismoak, ebaketa onartzen du, azeleratu egin nahi du eta askapen bezala bizi du, beheraldi politikoa onartzen du eta merkatuak bizitza osoa erregulatzea ontzat hartzen du.

·      Hirugarren erantzuna da Habermasek proposatzen duen konstituzioko abertzaletasuna. Erantzun minimalista da: elkarbizitza babesten du, baina ez du komunikaziorik ziurtatzen.

Gure begien aurrean orain arte proiektu politiko batek, erakunde batzuek eta sozializazio agentzia batzuek eraiki eta zuzendu duten gizartearen irudia deskonposatzen ari da. Estatu berak ahuldu egin da ekonomiaren internalizazioak eta kultur identitatearen zatiketak eraginda. Aldi berean lehenengo estatu errepublikarra gaurko gizarte errealitatetik urrun dago. Ordenaren aldia amaitu egin da, aldaketaren aldia da oraingoa (Ulrich Beck, Arriskuaren gizartea).


Liburuak ideia nagusi bi adierazten ditu:


1.  "Desmodernizazioa". Instrumentalitatea eta identitatearen, tekniko eta sinbolikoaren arteko konbinazio bakarra bizitza pertsonalaren proiektuan dago. Askatasunaren baieztapena da estrategen eta beraien baliabideen boterearen aurreko eta komunitateen diktadoreen kontrako. Subjetua[1] da.

2.  Gizartezkoa ez den printzipio honen gainean gizartezko bizitza berreraiki behar dugu.



Eta liburuak une bi bereizten ditu:


1.  Gizabanakoa Subjetu bihurtzea bakarrik egin daiteke Bestea ezagutzen bada: kultura askotako gizartean.

2.  Subjetua eta subjetuen arteko komunikazioak erakundeen babesa behar du. Demokraziaren kontzepzio zaharra ordezkatzen du erakundearen ideia modernoarekin, zein Subjetuaren askatasunaren zerbitzura baitago. Hezkuntzari dagokionez, Tourainek Subjetuaren eskola aipatzen du.

Aurkezten dituen hausnarketen artean, ondoko hauek goraipatuko genituzke:

Gizarte globalizatuaren ezaugarriak.

Berak dio batzuek globalizazioan elkartruke ekonomikoen muldializazioa ikusi baino ez dutela dutela; baina, horrez gain, bitartekaritza sozial eta politikoen krisialdia eta hondatzea ere ekarri du. Lehen baino gehiago gizabanakoa definitzen da merkatua duen pozioagatik.

Liberalismoa inposatu da (Estatuaren ahultzeak esku-hartzeko mekanismoak ekarri ditu) eta aldaketak ordena ordezkatu du. Baina, Tourainen ustez, ez da egia munduko ekonomia zuzen-zuzenean Estatu Batuetako edo banku erraldoien interesen menpean egongo denik. Orain ezin da identifikatu gizarte-klase meneratzaile bat.

Bestaldetik, antiliberalismoak neokomunitarismo faszistizanteetara (ertain klaseko interesen defentsan, integrismoak, kultur nazionalismoak...) eraman dezakegunaz ohartzen gaitu.

Komunitatezko identitatea

Ekonomia eta kulturen arteko disoziazioak eragiten du pertsonak definitzen direla ez egiten dutenagatik, euren izateagatik baizik (duten erlijioa, arraza, generoa, nazionalitatea). Kultura globalak garaile izateak sor dezake sozialak ez diren identitateen berreraiketa. Hala ere -dio Tourainek-, Gizarte arrazionalak aniztasuna kulturalaren gainetik kokatzen duen gizartearen eta historiaren irudikapena suntsitu edo baztertu behar dugu. Gizarte industrialean aniztasun kultural hori lotzen zen tradizio, sinesmen eta tokiz-tokiko antolatzeko era partikularrekin.

Orain, aldiz, lehengo ikuspegi arrazional hori aldatzeko era eta ibilbideen ugaritasunarekin ordezkatu behar dugu. Iragana mobilizatu behar dugu etorkizuna sorterazteko. Etorkizun honetan zaharra eta berriaren nahasketa egin behar dugu, eta arrazionaltasuna gizabanakoen zein taldekoen identitateen ezagutzearen zerbitzuan kokatu behar da. Tourainek erdu gisa emakumezkoen errebindikazioak aipatzen ditu.

Hala ere, arriskuak badaude. Globalizazioa dela eta sortzen duen desmodernizazioaren aurrean atzerabegirako utopiak sortzen ari dira. Atzera itzultzea ezinezkoa den legez, mugimendu atzerakoi batzuk jatorrizkoen mitoaz baliatzen dira jendea mobilizatzeko. Horrela, modernizazioaren ikuspegi nazionalista eta kulturalista inposatu nahi dute, ia beti era autoritarioak erabiliz.

Gainera, desmodernizazioak eta liberalismoaren garaipenak desintituzionalizazioa dakar. Tourainek adierazten du ahultzen diren erakundeen artean eskola dagoela. Honek dio, erakunden beherakadak eragin positiboak dituela, baina kontu handiz ibili behar gara ia iragana deskonposatzen den etorkizuna eraiki barik.

Desintituzionalizazioaren eskutik desozializazioa dator, hau da, rolen, arauen eta baloreen desagerpena. Hezkuntzak ezin du produkzio moduak behar dituen arauak igorri.

Tourainek proposatzen du modernitate berri bat eraikitzea eta nostalgiak alde batera uztea.

Subjetua

Gaurko desmodernizazioan Subjetua bere dimentsio unibertsalistan hiltzen uzteko tentazioa badago. Eta prozesu honetan urraketa pertsonala eta identitatearen galera suertatzen ari da. Horregatik berreraiketa pertsonala ezinbestekoa da, bi askatzeren bidez:

1.  Komunitatetik askatzea: Komunitatearen kontrolak kultura atzilotzen duenean, gizabanakoa lege, ohitura... sakralizatuen menpe bizi da. Orduan Subjetu pertsonala sor daiteke lar zehatzak diren komunitateetatik askatzen bada, horietan inposatzen den identitatea betebeharretan eta izatean oinarritzen da eskubideetan eta askatasunean baino.

2.  Merkatuen indarretik askatzea.

Zailtasunik handiena daukagu berreraiketa hori bultzatzen duten indarrak identifikatzeko.

Eta, nolakoa da Subjetu hori? Subjetuaren ideia ezinbestekoa da kulturarteko komunikazioren eta demokraziaren baldintzak aurkitu nahi badugu. Ikuspegi honetatik esangura politikoa hartzen du Subjetibizazioak.

Foucaultek adierazten duen arabera, ezin da nahastu Subjetua gizarte pertsonaiarekin, hau da, eskubideen eta betebeharren kontzientea, hiritarra eta langilea denarekin.

Gizarte industrialean subjetu politikoa topatu nahi zen. Horrela, langileen mugimenduak gizarte klase batean aurkitu nahi izan zuen, baina denbora hori pasatu egin da. Orain, aldiz, giza mugimenduek lehen baino askoz gutxiago eskatzen dute gizarte berri bat eta justizia errebindikatzen dute (askatasuna, segurtasuna, duintasun pertsonala...). Bakoitzean giza mugimenduak kudeatzaile bihurtu dira.



Copyright 2008. All Rights Reserved. Adarra




¿QUIËNES SOMOS?     

¿QUE HACEMOS?      

COLABORACIONES      

      ENLACES      
 
*Pedagogi Erakundea

     DOCUMENTOS    |     ACTIVIDADES PROGRAMADAS    |     ACTUALIDAD

ADARRA
    Mitxel Labegerie, 2-3º Dpto3
    48005 - Bilbao
    Tfno.-944153795  
   adarraerakundea@gmail.com


webmaster@adarra.org